XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Enplegu femeninoa gehitzearekin emakume gehiago dago bere lan indarra saldu beharrean, eta bizkitartean, bere etxeko erantzukizunak lehengoak dira.

Alemanian, esate baterako, emakumeek 395 minutu dedikatzen dituzte egunean etxeko zereginetara, eta gizonezkoek aldiz 90 minutu (El Mundo egunkaria, 95/8/24).

Cockburnek dioenez emakumeak lan merkatuan sartzen dira esku bat atzera lotuta.

Emakumeen posizioa ulertzeko gogoan izan behar dugu haien egoera produkzio harremanen barruan eta kanpoan, hau da, aztertu behar ditugu haien posizioa langile bezala beren etxean eta haien erreprodukzio biologikoa: haurdun gelditzea, erditzea eta umeak zaintzea.

Emakumeen politika, pentsamendua eta historia azaltzen duen beste analisi kategoria bat izan da eta da patriarkatua.

Kontzeptu honek gorabeherak izan ditu bere balio adierazgarriari dagokionez.

Une batzuetan pentsatzen zen egungo eta iraganeko emakumeen historian izandako negatibo guztia patriarkatuari egotzi behar zitzaiola.

Victoria Sauk patriarkatua honela definitu du: gizonezkoen botere hartze historikoa emakumeen gainean, zeinen eragilea ordena biologikoa izan baitzen, kategoria politiko eta ekonomikora jasoa.

Boterea eskuratze horrek nahitaez emakumezkoak amatasunera zokoratzen ditu, sexualitate femeninoa zapaltzen du eta talde menperatuaren lan indarra bereganatzen, zeinen lehen produktua, nahiz ez den bakarra, seme-alabak baitira.

Patriarkatu kontzeptua batez ere erabili da aitaren boterea eta gobernua aipatzeko, kulturaren dominazioa, gizonaren unibertso sinbolikoa, etab. (Mitchell, 1974; Millet, 1971; Rich, 1977).

Hartmanek dioenez gizonen arteko harreman sozial eta hierarkikoen multzoa da, oinarri materiala duena emakumeen lanaren eta sexualitatearen gaineko gizonen kontrolean, erreprodukziozko helburuak lortzeko edo beren beharrak asetzeko.

Horrela, bada, patriarkatuak gizonen arteko dependentzia eta elkartasunezko lokarriak eratzen ditu, emakumeak menderatzeko bidea ematen dienak.

Teoria marxisten eta feminismoaren arteko erlazioa edo sexismoaren eta klase sozialaren artekoa ez da erraz bat egiten, argi dagoena da gizonezkoak ongi aprobetxatzen dutela patriarkatuak eta kapitalismoak emakumeen lan erreproduktiboaz eta produktiboaz eskaintzen dieten dominatzeko eta esplotatzeko aukera.

1.2 EREMU PUBLIKO ETA PRIBATUAK

Eremu publikotzat jotzen dira politikaren mundua, lan ordaindua, etab.

Eremu pribatua etxe barrenari dagokio.

Orokorrean, eremu publikoa gizonezkoen mendean egoten da